DURANGO

Prentsa Aretoa

2022/11/04

“AURKEZTU DEN AZOKAKO PLAZAREN PROIEKTUA EZ DA PARTE-HARTZAILEA IZAN, ETA EZ DIE ERANTZUTEN DURANGOKO BEHARREI”

EAJ-PNVk ekarpenak egin zituen aurreproiektuaren lehen fasean, eta proposatu zuen Merkatu Plaza espazio ireki batean bihurtzea, igarobide gisa balioko duen gune bat, hainbat eremurekin, etengabeko dinamizazioa bermatzeko eta jendea erakartzeko balioko duena, sarrera gutxiko espazio itxiekin planteatutakoari kontrajarrita

rss Ezagutzera eman
“AURKEZTU DEN AZOKAKO PLAZAREN PROIEKTUA EZ DA PARTE-HARTZAILEA IZAN, ETA EZ DIE ERANTZUTEN DURANGOKO BEHARREI”

ARGAZKIA JAITSI

Durangoko EAJ-PNVk behin eta berriz esan du merkatuko plaza birgaitzea eta dinamizatzea bere lehentasunetako bat dela, eta hori errealitate izan dadin lan egin du aurrekontuei zuzenketak eginez eta ekarpenak eginez Durango Helburu lantaldearen bitartez. “Baina berriro ere ikusten dugu gobernu-taldeak ez diela jaramonik egiten proiektua hobetzeko egindako ekarpenei, eta enpresa batek egindako proiektu bat aurkeztera mugatzen dela. Enpresa horrek, aurkezpenaren arabera, Durangoko errealitatea ezagutu ere ez du egiten”, Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak baieztatu duenez.

EAJ-PNVk ekarpenak egin zituen aurreproiektuaren lehen fasean, eta proposatu zuen Merkatu Plaza espazio ireki batean bihurtzea, igarobide gisa balioko duen gune bat, hainbat eremurekin, etengabeko dinamizazioa bermatzeko eta jendea erakartzeko balioko duena, sarrera gutxiko espazio itxiekin planteatutakoari kontrajarrita. “Era berean, aurkeztutako lehen aurreproiektua kontrastatzeko eta eragileekin Durangorako nahi dugun plaza-eredua zehazteko aukera izatea eskatu genuen, baina egindako ekarpenei ez zaie erantzunik eman, eta parte-hartzea eragile batzuekin 2020an egindako elkarrizketetara eta aurreproiektuak aurkeztera mugatu da”, bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez.

Asteazkenean aurreproiektuaren bigarren fasea aurkeztu zen eta bertaratutako gehienentzat – besteak beste, politikariak eta proiektuan parte hartzen duten elkarte eta eragileen ordezkariak – harrigarria eta etsigarria izan zen, “beste behin ere proiektuak ez dielako erantzuten Durangoko eta durangarren beharrei. Espazio eta elementuen nahasketa bat aurkeztu zaigu, errealitatetik urrun samar. Gure ustez, merkatuko plazak ondo landutako proiektu bat merezi du, Durangoko Alde Zaharra dinamizatzeko eta biziberritzeko balioko duena. Proiektu honetan ez da horrelakorik aipatzen, baserritarren eta beste kolektibo batzuen beharrei ez erantzuteaz gain”.

Legegintzaldian zehar, EAJ PNV saiatu da sustatzen plaza dinamizatzea tailerren bidez, bai eta birgaitzea ere, gobernu-taldearekin adostutako aurrekontu-zuzenketen bidez eta Durango Helbururekin landutako ekarpenen aurkezpenaren bidez. Mireia Elkoroiribe EAJ-PNVko bozeramailearen esanetan, “orain ikusten dugu Durangorako estrategikoak diren beste proiektu batzuk bezala, parte-hartzearekin ahoa betetzen zaion gobernu-talde honek ere proiektu bat aurkezten duela inor kontuan hartu gabe, eta hori oso larria iruditzen zaigu. Are gehiago, jakin badakigu aurreproiektu hau alde bakarrez idatzi dela, inor kontuan hartu gabe, eta 80.000 euroko kostua eragiten ari zaiela durangarrei, EAJ-PNVk 2019an kontratatu zuen diagnostiko-faseko 12.300 euroez gain, zeina izan baita benetan parte hartu duen fase bakarra”.

  Berri ikusiagoak...