DURANGO

Prentsa Aretoa

2022/09/28

DURANGOKO EAJ-PNVK DUELA URTE ETA ERDI HASITAKO PROZESUA AMAITZEKO ETA HERRITARREK ERABILTZEKO PLATERUENA IREKI DEZAN ESKATU DU

«Plateruenak, hainbat urtez, berebiziko garrantzia izan du Durangoko kultura-esparruan, eta, gure ustez, erdigunean dagoen udal-eraikina da, eta sarbide erraza duena, beraz, paper garrantzitsua izan dezake gazteen aisialdian», azaldu du Mireia Elkoroiribe EAJ-PNVko bozeramaileak.

rss Ezagutzera eman
DURANGOKO EAJ-PNVK DUELA URTE ETA ERDI HASITAKO PROZESUA AMAITZEKO ETA HERRITARREK ERABILTZEKO PLATERUENA IREKI DEZAN ESKATU DU

ARGAZKIA JAITSI

Legegintzaldi honetan lehen aldiz, gobernu-taldeak onartu egin du Durangoko EAJ-PNVk udal mailan aurkeztutako mozio bat, gaur arratsaldean egingo den osoko bilkuran eztabaidatzeko. Hori gertatu da Arartekoari oposizioa bizitzen ari den egoera salatzera jo ondoren, eta horrek balio izan du EH Bilduk azkenean borondate politikoa agertzeko udaleko mozio bat sartzeko osoko bilkuraren gai-zerrendan.

Mozio horren bidez, udal talde jeltzaleak duela urte eta erdi hasitako Plateruenako prozesua bukatu eta proiektua definitzeko eta durangarren gozamenerako lehenbailehen ateak ireki ditzan eskatu dio gobernu taldeari. «Plateruenak, hainbat urtez, berebiziko garrantzia izan du Durangoko kultura-esparruan, eta, gure ustez, erdigunean dagoen udal-eraikina da, eta sarbide erraza duena, beraz, paper garrantzitsua izan dezake gazteen aisialdian», azaldu du Mireia Elkoroiribe EAJ-PNVko bozeramaileak.

Plateruenaren behin betiko itxiera 2020ko abenduan izan zen, eta ordura arte jardueraren ardura izan zuten pertsonek, Durangoko eremu soziokulturalean zuen garrantziaz jabeturik, "Etorkizun hurbilean proiektu berri bat martxan jartzeko" asmoa iragarri zuten, eta horretarako "Udalak elkarrekin lan egiteko prest" zegoela adierazi zuten. Helburu horrekin, 2021eko otsailean parte-hartze prozesu bati ekin zioten, «Plateruena eta Gero Zer ?» izenekoa. Prozesu hori amaitzeko, 2021eko ekainean proposamen zehatz bat aurkeztu zen, durangar kulturaren munduko hainbat elkarte, erakunde eta pertsonak parte hartuta eta ekarpenak eginda. Proposamena Durangoko Udalari bidali zitzaion, aintzat har zezan.

Aldi berean, Durangoko Udalak beste partaidetza-prozesu bat hasi zuen helburu berarekin, eta, horretarako, EMUN enpresa kontratatu zuen, 10.000 €inguruko zenbatekoarekin (8.260 €+ BEZ). Prozesu horren emaitzak, Plateruenako etorkizuneko proiektua bideratzeko hainbat proposamen eta ekarpenekin batera, 2021eko ekainean ere aurkeztu ziren.

“Beraz, Plateruena Kafe Antzokiaren etorkizuneko proiektua definitzeko bi partaidetza-prozesu paralelo izan ditugu Durangon, duela urtebete baino gehiago amaitu zirenak. Bi dinamika horien arabera, Plateruenak gazteriari eskainitako gunea izan beharko luke, eta euskara, kultura eta sormena hartu beharko lituzke balio nagusitzat. Bi partaidetza-prozesuek, gainera, hainbat ideia eta proposamen zehatz ekartzen zituzten proiektua definitzeko. Hala ere, ez dugu horren berririk izan, eta bitartean Plateruena kafe antzokiak, Durangoko kulturarentzat gune enblematikoa izan denak, itxita eta proiekturik gabe jarraitzen du”, gehitu du Elkoroiribek.

Alderdi jeltzaleak jakin duenez, eraikina itxi zenetik hainbat inbertsio zehatz egin dira eta egitea aurreikusita dago, guztira 144.800 €. “Ziur gaude Osoko Bilkuran mahukan batekin aterako direla, dena aurreikusita dagoela esanez eta proiektu berri batekin inprobisatuz, ohituta gaituzten bezala. Kezkagarriena da ez dakigula zer asmo dituen gobernu-talde honek Plateruenaren etorkizunari dagokionez, eta, are okerragoa dena, ez dakigu zein den Durangoko proiektu soziokulturala, bereziki gazteei zuzendutakoa, azpimarratu du Mireia Elkoroiribek.

  Berri ikusiagoak...