DURANGO

Prentsa Aretoa

2015/03/19

Itxaso Atutxak Durangon aldarrikatu ditu pertsonak helburu izango dituen politika eraikitzailea eta adostasuna

Gaur goizean, Durangaldeko alkategaiak aurkezteko EAJ-PNVk egin duen ekitaldian, BBBren presidenteak defendatu du gatazkatik eta deskalifikaziotik kanpo geratzea “denon artean” hiritargoaren alde egingo duen herria eraikitzeko

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

  • Itxaso Atutxak adostasunean eraikitako politikaren alde egin du eta gatazkan oinarritutako politikaren kontra agertu da
    2015/03/19

    ARTXIBOA JAITSI

ARGAZKI GUZTIAK IKUSI  

Durangon egin da, gaur goizean, Durangaldeko alkategai jeltzaleak aurkezteko ekitaldia. Itxaso Atutxak bertan defendatu nahi izan du pertsonak direla EAJ-PNVren jardun politikoaren helburu nagusiena, eta horretarako aldarrikatu du akordioak bilatzeko beharra. Era berean kritikatu duenez “guk pertsonen, enpleguaren eta ekonomiaren mesederako hitzartzen dugun bitartean, beste batzuk beren betiko kontuetan ari dira: gatazka, iskanbila eta deskalifikazioa”. Bizkaiko jeltzaleen burua harrituta agertu da azken egun hauetan EAJ-PNVk hartutako erabakien aurrean “asaldatuta agertu direnekin”, eta esan du ez dituela ulertzen “batzuek gatazka, nahasmen eta gezurretan aritzeko erakusten dituzten gogoak”. “Jai dute gurekin, EAJk pertsonen alde egiten eta hitzartzen segituko duelako”, aurreratu du. Aldi berean, Atutxak EAJ-PNVren jokaerak defendatu ditu: “Herri hau anitza da eta Euzko Alderdi Jeltzalearen aldetik Euskadi eraikitzen segituko dugu adostasuna abiapuntu hartuta”. “Egiten duen alderdia gara, eta ez hitz hutsetan geratzen dena. Esandakoa betetzen duen alderdia gara”, zehaztu du. Aldi berean, aukera baliatu du alderdiaren “eskua” luzatzeko Euskadiren alde lan egin nahi duten guztiei.

Landako Elkartegian elkartu dira maiatzeko udal hauteskundeetan EAJ-PNVren izenean aurkeztu direnak aurkezteko. Igor Agirre (Mallabia), Andoni Agirrebeitia (Amorebieta-Etxano), Erramun Osa (Garai), Iñaki Totorikaguena (Iurreta), Jol Gisasola (Ermua), Alberto Arancibia (Zaldibar), Eneko Etxebarria (Abadiño), Gorka Garate (Atxondo), Beñat Gorospe (Otxandio), Roland Isoird (Berriz), Joseba Mujika (Elorrio), Oskar Zarrabeitia (Izurtza), Julen Uribelarrea (Mañaria) eta Aitziber Irigoras (Durango) izan dira aukeratuak, bakoitza bere herriko alkatetzarako.

Durangoko alkategaia den aldetik, Aitziber Irigoras izan da ekitaldian batu diren alderdikide eta alderdizaleei harrera egin diena. Irigorasek azpimarratu nahi izan du hautagaien lana, profesionaltasuna, konpromisoa eta ilusioa, eta zera defendatu du: “Durangaldeko etorkizuna eskualdea osatzen dugun udalerrien etorkizunari lotuta dago”. Irigorasek era berean azaldu du batasunak indarra eragiten duela eta elkarrekin “Durangaldea hazi araziko dugu”, ezarri du. “Abalatzen gaituen ibilbidea dugu eta ilusio eta harrotasunez betetzen gaituen egitasmoa ere bai. Ez dugu ezinezkorik agintzen eta ez gara politikakeria edo txikikeriatan nahastuko”. “Gurea ‘P’ handia da, pertsonen politika, gure herritarrena”. Hitz horiekin aurkeztu ditu Durangoko alkate andreak eskualdeko alkatetza guztietarako hautagaiak. Era berean baieztatu duenez “gure estiloa ez da hitzetan geratzea, baizik eta konpromisoa hartzea. Horixe da gure udalerriak, eskualdea eta herria aurrera ateratzeko modu bakarra”, amaitu du.

Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusirako hautagaiak, gaur goizean baieztatu du “aldaketa eta ilusioaren olatua” Durangaldera ere iritsi dela; “Enplegua, jarduera ekonomikoa eta politika egiteko bestelako modua ekartzera datorren olatua”. Rementeriak Durangon defendatu du irainetik eta joko zikinetik aldenduko den politikagintza, eta baieztatu du hori ez zaiola inori gustatzen. “Pertsona arruntek lan egiten dute, ahalegintzen dira, ilusioak dituzte, asmatzen dute, erratzen dira…. Baina ez dute iraina erabiltzen eta bere ahaleginak ez dituzte hurkoa kaltetzeko erabiltzen. Politikak ezberdina izan behar al du?”, galdetu du. Bere hitzetan, ahaldun nagusirako hautagaiak gainerako alderdiei eskatu die “lokatzetik irtetea” eta “zipriztinak botatzeari uztea”. “Denontzat okerra izango da, batez ere hiritarrentzat” eta, baieztatu duenez, EAJ-PNVk “entzuten, oharrak hartzen eta nahi dugun Bizkaiaz hitz egiten segituko du, egin dezakegunaz hitz egiten”. Zentzu berean hitz egin die bertaratuei eta eskatu egin die senide, lagun eta ezagunei EAJ-PNVk Bizkaia osorako egitasmo berria duela jakinaraztea: “Enpleguan eta jarduera ekonomikoan oinarri duen egitasmoa, gizarte sarea mantentzeko baina iruzur fiskalik gabe eta 0,0 politikan oinarrituta. Zero irain, zero joko zikin”.

Itxaso Atutxaren, Bizkai Buru Batzarraren presidente andrearen, lehen hitzak izan dira hautagaiei eta maiatzeko hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendetan joango diren emakume eta gizon guztiei eskerrak emateko “egiten ari zareten lanagatik eta Durangaldearekin, Bizkaiarekin eta EAJ-PNVrekin hartu duzuen konpromisoagatik”. Burukideak berriz ere gogoratu ditu Joxean Artzeren hitzak: ‘Iturri zaharretik ur berria’. “Alderdia da iturri zaharra, 120 urte egingo dituena, eta ur berria dira gaur aurkezten ditugun hautagai guztiak”, “EAJ-PNV oraina eta etorkizuna delako; Durangaldeko eta herri honen etorkizunean sinesten dugunez, herritarren zerbitzura jarriko dugu etxean dugun onena: pertsonak”. “Konbentzituta nago, zuen eskuetan, Durangaldea eskualde anitzagoa izango dela, solidarioagoa, herrien eta pertsonen beharrizanei erantzunetan murgildua”, esan du. “Hauxe da zuen momentua, etorkizuneko Durangalde, Bizkaia eta Euskadi eraiki dezazuen, hurrengo 120 urteotan gure herrialdeaz eta herriaz harro egon gaitezen”, amaitu du Atutxak.

  Berri ikusiagoak...