Prentsa Aretoa
2021/05/25
Durangoko EAJk Kirolene Tabirako instalazioetara eramatea proposatu du
"Gobernu taldeak duela urtebetetik ezagutzen zuen Tabirako igerilekuetako aldagelak eraitsi behar zirela, eta hamabi hilabetetan ez dute ezer egin hori konpontzeko", kritikatu dute jeltzaleek. Talde jeltzaleak mozio bat aurkeztuko du Tabirako kiroldegiko instalazioak Hezkuntza Sailarekin batera berritu eta Kiroleneri bertan lekua emateko
Proposatu dugu Kirolene Tabirako instalazioetara lekualdatzea, dagozkion obrak egin ondoren.
Une honetan Kiroleneko instalazioak, kirol-irakaskuntzen ikastetxe publiko bakarra, San Inazio Auzuneko oktogonoan daude. Bulego zaharkituak, irisgarritasunari buruzko araudia betetzen ez dutenak, iristeko zaila den eremu batean daude, eta, gainera, gaur egungo ikasle-kopuruarentzat txiki geratu dira.
Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu kokapen berri bat, eta kirol-irakaskuntzaren esparruan erreferentziazko zentro horrek dituen premiei eta garai berriei egokitutako instalazioak. "Durangoko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen diegu Kirolene Tabiran kokatzeko akordio bat lor dezatela", adierazi du Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak.
EAJ-PNVren ustez, une egokia da; izan ere, Tabirako instalazioetan obra garrantzitsu bati ekin behar zaio, eta unea aprobetxatu beharko litzateke obra modu bateratuan egiteko, espazioen eta inbertsioen efizientzia eta aprobetxamendu handiagoa bilatuz. Hori dela eta, talde jeltzaleak mozio bat aurkeztu du Tabirako kiroldegiko instalazioak Hezkuntza Sailarekin batera berritzeko, instalazio horiek ekipamenduaren berezko jarduerak eta Kirolene kirol-titulazioen irakaskuntza arautuan aritzen den erakunde publikoa har ditzaten. Horretarako, EAJ-PNVk Hezkuntza Sailari Kiroleneko beharren memoria bat egiteko eskatu dio, eta udal gobernu-taldeari horretan lan egiteko eskatu dio, ikastetxea Tabirako instalazio berrietara lekualdatzea lehenbailehen errealitate izan dadin.
Tabirako instalazioa 1955ean inauguratu zen Durangaldeko lehen igerileku estaliak eta udako igerilekuak hartzeko. EAJ PNVren legegintzaldietan, mantentze-lanetarako aldizkako inbertsioak egin dira. Besteak beste, 2011n 358.000 euro inbertitu ziren eta
2016an 200.000 euro gehiago instalazioak unean uneko beharretara egokitzeko. Teknikarien txostenen arabera, duela urtebetetik ezagutzen zen eraikinak ez zuela konponketa gehiagorik onartzen eta derrigorrezkoa zela eraistea.”Gobernu taldeak EAJ-PNVri egotzi dio berriz ere Tabirako aldagelen kontserbazio-egoeraren erantzukizuna. Hala ere, ia bi urte daramatzate agintean, eta urtebete da erabaki bat hartu behar zela bazekitela, eta ez dira gai izan ezer egiteko udako igerilekuen kanpaina ia hasi arte eta orain arazo bat sortu dute aldagela eramangarriak erabili beharko dituzten erabiltzaileentzat", adierazi du Jon Sergiok, Kirol Batzordeko EAJko zinegotziak. " Joan den maiatzaren 21ean jakin genuen Tabirako aldagelen egoeraren berri, Durango Kirolaken ezohiko eta premiazko batzar bat deituta, prentsan argitaratu baino lehentxeago. Bilera horretan, udal-arkitektoak jakinarazi zuen azken urteetan eskoratze-lanak egiten ari direla, egoera txarrean daudelako. Eta 2020ko udan gobernu-taldeari jakinarazi zion instalazioak ez zuela jada eskoramendu gehiago onartzen, eta, beraz, irtenbideren bat hartu behar zela. Bileran arazoaren berri eman zitzaigun, baina planteatutako irtenbide bakarra uda hau salbatzeko adabaki bat jartzea da, gobernu-taldeak benetako konponbiderako proposamenik egin gabe.
Horrek agerian uzten du, beste behin ere, arazoak konpontzeko gaitasunik ez duela eta gainera informazio guztia izkutatu egin digute. Txostenik ere ez digute oraindik eman ", kritikatu du Jon Sergiok. "Berriro ere, proiektu bat egiteko aurrekontu-partida
bat dagoen egoera batean gaude, eta, hala ere, itxieraren alde egin da, Pinondo Etxearekin gertatu den bezala, dagoeneko urtebete baitaramatza itxita, eta, horrela, hondatzen jarraitu du. Gobernu talde honek instalazio horiek itxi eta ezer ez egiteak kezkatzen gaitu ", gaineratu du EAJko zinegotziak.
Hori guztia dela eta, Durangoko EAJk gobernu-taldeari – Eh Bildu eta Herriaren Eskubidea – eskatzen diogu bi urteko legegintzaldiaren ondoren beren erantzukizunak beren gain har ditzatela, erabakiak hartzen has daitezela eta baloiak kanpora botatzeari utz diezaiotela, beren kudeaketarekin zerikusirik ez duten errudunak bilatuz beti.
Nabarmenak...
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
BERRIA
2023/07/14
BERRIA
2023/07/12

HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS























